Bilbao Project Aurkezpena

Print

Proiektuaren oinarrizko programa eta garapena

ZER egin nahi dugu? Sei instrumentu era sistematizatuan eginez (gure ikerketan bost gehi kalitate-kontrol unitate bat), lehengaien ezaugarri berezkoak (egurraren dentsitate eta zurruntasuna) eta geometrikoak (goiko eta beheko taparen lodierak eta berezitasun mekanikoak) biolin osoaren ezaugarri tonalekin erlazionatu nahi dira. Baita ere, ikerketaren ondorioz BELE Bilboko Euskal Lutheriako Ikasketa Plana hobetu eta egokitu nahi da ikerketan lortuko den jakintza erabiliz.

ZERGAITIK egin nahi dugu?  Oraindik erantzun gabe dagoen galdera bati ihardespena eman nahi diogu. Jesús  Alonso Moral-ek egindako ikerketetan (Estocolmo 1984) eta ondoren Andrea Ortona-k egindako saiakuntzan (Cremona 2012) ezin izan zen biolinaren jokaera mekanikoa eta kalitate tonalaren arteko erlazioari erantzuna eman. Gaur egungo neurketa metodoak asko hobetu dira eta lehengaien berezitasunak eta geometriaren kontrol zehatza izan dezakegu galdera hauei erantzuna emateko. Era berean kontrolatu eta neurtu dezakegu zehaztasun osoz analisi modalaren prozesu guztiak bibrazio moduen eta kalitate tonalaren arteko erlazio zehatza lortu ahal izateko.

ZERTARAKO egin nahi dugu?  Gaur egun, biolinaren kutxaren goiko taparen jokaera nahiko ezaguna dugu baina beheko tapari buruz ez dakigu hainbeste. Ikerketa honen bidez beheko taparen lehengaien aukeraketa eta aldagai geometrikoen kontrola lortu nahi da, soinu kalitate egokia duten biolinak egin ahal izateko.

ZENBAT egingo dugu?  Lehendabizi hiru biolin eraikiko dira aldagai guztiak kontrolatuz, goiko tapa berdina eta bekoaren berezitasunak aldatuz eta ikerketa beste bi biolinekin osatuko da lehendabiziko instrumentuetan ateratako datuen arabera, beko tapa berdina eta goikoaren berezitasunak aldatuz. Beste seigarren biolin bat egingo da, eraikitako erdikoaren berdintsu, kontrol-unitate moduan.

NOLA egingo dugu?  Neurketa  zehatzak hartuko dira eta eraikitze prozesuko fase desberdinetan biolinaren analisi modala egingo da: goiko eta beheko tapak lodiera desberdinekin, haga harmonikoa landu aurretik eta landu ondoren, goiko eta beheko tapa inguru-baldintza libre eta bandatan (pinned edge),kutxa arimarik gabe eta arimarekin, mastarik gabe eta mastarekin, eta azkenik, biolin osoaren neurketak. eta entzuteak. Azkenengo zatian entzuketa test bereziak egingo dira berezitasun mekanikoak kalitate tonalarekin erlazionatu ahal izateko.

NON egingo dugu?  Ikerketa lanak Bilboko Euskal Lutheria Eskolan egingo dira bereziki, Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan kokatuta, baina neurketa batzuk beste leku desberdin batean egin daitezke baita ere.

NOIZ egingo dugu?  Proiektu hau 2016ko irailean hasita dago eta dena ondo badoa 2018ko ekainean burutuko da, 22 hilabete ondoren (ikusi proiektuaren kronograma).

NORTZUEI bideratuta dago?  Ikerketa honen emaitzak luthierren komunitate guztiari bideratuta daude, egingo dituzten musika-tresnen kalitatea hobetzeko nahian, eta baita joleen komunitateari ere, musika egiteko musika-tresnen bikaintasunaren bila bait dabiltzate.

ZEREKIN egingo da?  Proiektu hau burutzeko SEPIEren (Servicio Español Para la Internacionalización de la Educación) bitartez  ERASMUS+ programaren diru-laguntza bat lortu da. Fase desberdinak garatzeko  59.270€ko diru-laguntza izango dugu.

NORTZUK egingo dute?  Proiektuaren nazioarteko talde nagusia George Stoppani, Jim Woodhouse, Roberto Jardón Rico, Andrea Ortona eta Claudia Fritz osatzen dute. Honez gain ikerketa aurrera eramateko BELEko Unai Igartua eta Ander Arroitajauregi irakasleek koordinazio lanak egingo dituzte. Ikerketa honek behar duen zehaztasuna kontuan izanik BELEko azken ikasturtean dauden ikasleek parte hartuko dute ere proiektuaren fase desberdinetan.

Bilbao Project Partaideak

Claudia Fritz

Jim Woodhouse

George Stoppani 

Andrea Ortona

Roberto Jardón

Unai Igartua

Sponsors

alava-group-vertical

 

 

DAddario

 

 

 

Superieur_DESPIAU_smll