Biolin, biola eta txeloak musika ikasleentzat maileguan

prestamo-de-violines-y-violas-escuela-lutheria-BELE

Bele, Euskal Lutheria Eskolak, Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleen esku ipiniko ditu lutheriako tailerretan eginiko musika tresnak.

Eskaerak egiteko epea: maiatzaren 8tik ekainaren 2ra.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak musika tresna horiek maileguan uzteko pasa dan urtean sortu zuen programa abian da aurten ere .

Programa berri honen bidez, Belek 34 musika tresna utziko ditu (15 biolin 15 biola eta 4 biolontxelo) Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleen esku, guztiak ere Bele eskolako lutheria tailerretan eginak.

Bilboko lutheria ikasleek hiru urteko ikasketa planaren barne egin behar dituzten musika tresnak dira: biolin bana lehen urtean, biola bana bigarrenean, eta biolontxelo bana hirugarrenean, ikasketa amaierako proiektua izango den musika tresnaz gain.

Bele-Bilboko Euskal Lutheria Eskolak egiten duen lana eta bere izaera bakanak direla jakitun, eta bertan egiten diren musika tresnen kalitatearekiko ziurtasunez jarri du abian Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak programa berria. Lutheria eskolarekin eginiko apustua berriro gizarteari itzultzea ere bada helburua, Euskadiko musika ikastegien sareko ikasleen mesederako gertatuko baita ekimena.

Musika tresna hauetako bat maileguan jasotzea jauzi kualitatibo handia izango da musikari gazteen ikasketa prozesuan. Izan ere, tresna profesional bat izango dute esku artean, guztiz artisau eran egina. “Ikasteko” musika tresna deiturikoa erabiltzetik lutheriako musika tresna bat jotzera egingo dute jauzi zenbait ikaslek. Musika tresna hauetako batek 6.000 euro inguruko balioa ere izan lezake.

Hari-instrumentuak maileguan

Euskadiko Musika Eskola edo Kontserbatorioren batean matrikulatuta egon eta musika tresna bat maileguan hartzeko interesa duten ikasleek, ekainaren 2ra arte egin dezakete eskaera eskolan bertan. Dagokion zuzendaritzak bermatu beharko du eskaera, eta musikako ziurtagiri akademikoarekin batera aurkeztu beharko da.

Lehentasuna izango dute ikasketa profesionaletako (edo maila baliokideetako) instrumentuak ikasten hasten diren ikasleek, eta berdinketarik izanez gero, gazteenek. Eskaera kopurua eskuragarri dagoen musika tresna kopurua baino handiagoa balitz, programak baremo bat ere ezartzen du. Irizpide akademikoak (nota hobeari puntuazio altuagoa) eta adina (gazteei puntu gehiago) hartzen ditu kontuan baremo honek. Ikastetxe-arteko orkestretan edo kontzertu pedagogikoetan parte hartzea merezimendutan puntuagarri izango da.

Maileguan daukan bitartean, ikasleak musika tresnaren gaineko ardura osoa du, eta hura zaindu eta dagokionean itzultzeko konpromisoa hartzen ditu. Ikasturtea amaitutakoan, Belera itzuli beharko du musika tresna. Itzultzerakoan, musika tresnari bi txosten erantsi beharko dizkio irakasleak: tresna erabili duen ikaslearen ebaluazio-txostena batetik, eta tresnaren balorazio teknikoa egiten duen txostena bestetik. Mailegua hurrengo ikasturterako berritzeko aukera ere aurreikusten du programak.

Bilboko Euskal Lutheria Eskolaren (BELE) musika instrumentu bat maileguan hartzeko eskaera horria

Eskaera oinarriak, baremoak  eta informazio gehiago

Eskaera dokumentuak helbide honetara bidaliko dira: lutheria@conservatoriobilbao.com