Bilbao project aurkezpena

Logo Erasmus

2016 eta 2018 urteen artean nazioarteko talde batek BELEko irakasle eta ikasleen laguntzaz, biolinaren jokaera mekanikoa eta kalitate tonalaren arteko erlazioa frogatzeko asmoarekin burutu zen proiektua.

Proiektu hau 2016 eta 2018 bitartean burutu zen erantzun gabeko galdera bati irtenbidea eman nahian. Jesús Alonso Moralek egindako ikerketetan (Stockholm, 1984) eta ondoren Andrea Ortonak egindako saiakuntzan (Cremona, 2012) ezin izan zen biolinaren jokaera mekanikoa eta kalitate tonalaren arteko erlazioa frogatu, eta horren harira egin zen proiektu hau.

Gaur egun, biolinaren goiko taparen jokaera nahiko ezaguna dugu, baina beheko tapari buruz ez dakigu hainbeste. Ikerketa honen bidez, beheko taparen lehengaien aukeraketa eta aldagai geometrikoen kontrola lortu nahi izan da, soinu kalitate egokia duten biolinak egin ahal izateko.

Neurketa metodoak asko hobetu dira eta lehengaien berezitasunak eta geometriaren kontrol zehatza izan dezakegu. Era berean, analisi modalaren prozesu guztiak zehaztasun osoz kontrolatu eta neurtu ditzakegu, bibrazio moduen eta kalitate tonalaren arteko erlazio zehatza lortu ahal izateko.

Proiektua Bilbao Project izeneko nazioarteko aditu talde batek gidatu zuen, George Stoppani, Jim Woodhouse, Roberto Jardón Rico, Andrea Ortona eta Claudia Fritz adituek osatutakoa. Horrez gain, BELEko Unai Igartua eta Ander Arroitajauregi irakasleak koordinazio lanaz arduratu ziren eta ikasleek ere proiektuaren fase desberdinetan parte hartu zuten.

Sei instrumentu egin ziren era sistematizatuan (ikerketarako bost eta kalitate-kontroleko bat), lehengaien berezko ezaugarriak (egurraren dentsitate eta zurruntasuna) eta geometrikoak (goiko eta beheko taparen lodierak eta berezitasun mekanikoak) biolin osoaren ezaugarri tonalekin erlazionatzeko asmoz.

Lehendabizi hiru biolin eraiki ziren aldagai guztiak kontrolatuz, goiko tapa berdina erabiliz eta behekoaren berezitasunak aldatuz. Ondoren beste bi biolin egin ziren, goiko taparen berezitasunak aldatuz eta beheko tapa berdinarekin. Azkenik, seigarren biolina egin zen kontrol-unitate moduan.

Neurketa zehatzak hartu ziren eta eraikitze prozesuko fase desberdinetan biolinaren analisi modala egin zen: goiko eta beheko tapak lodiera desberdinekin, haga harmonikoa landu aurretik eta ondoren, goiko eta beheko tapa inguru-baldintza libre eta bandatan (pinned edge), kutxa arimarekin eta gabe, mastarik eta gabe. Azkenengo zatian, biolin osoaren neurketak eta entzumen proba bereziak egin ziren, berezitasun mekanikoak kalitate tonalarekin erlazionatu ahal izateko.

Ikerketa honen emaitzak musika-tresnen kalitatea hobetzeko helburuarekin erabiliko dira, eta luthierren eta baita biolin joleen komunitate osoari bideratuta daude, musika egiteko musika-tresnen bikaintasunaren bila baitaude. Gainera, ikerketaren ondorioz lortutako jakintzak erabiliz BELEren Ikasketa Plana hobetu eta egokitu nahi izan da.

Proiektu hau burutzeko SEPIEren bitartez lortutako ERASMUS+ programaren diru-laguntza bat erabili zen.