Historia

Jesus Alonso Moralen ekimenez sortu zen Bilboko Lutheria Eskola 1986 urtean. Oraindik ere Estatuko kontserbatorioetan dagoen bakarra delarik. Biolinista afizioz eta ofizioz, zientzia fisikoetan lizentziatua eta akustika musikalaren alorreko Europako lehen doktorea. Stockholmeko Teknologia Errege Institutuko soinuaren transmisioa eta mintzamena aztertzeko laborategian burutu zuen ikerketa, eta bibolinaren akustikari buruzko doktoretza tesia aurkeztu zuen, «Biolinaren akustika. Funtzioa eta kalitatea».

Suediako biolin-fabrikatzaile amateurren elkarteko musikari eta luthierren artean aritu zen. Ostean, 1982an, urte eta erdi egin zuen New Yorken Carleen Hutchinsekin, biolinak egiteko lanbide praktikoa ikasten. Urte haietan eskuratutako ezagutzarekin eta tesiko zuzendari izan zuen Erik Janssonen laguntzaz garatutako neurketa metodoekin jarri zuen martxan bere ikerketetan oinarritutako proiektua.

Ikasturte hartan (1982-1983) hasi zen Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan akustika musikalari buruzko ikastaro bat ematen. Akustika musikala diziplina berria zen, zenbait kontserbatoriotan ematen hasi zelarik, baita erdi- eta goi-mailako titulazio jakin batzuetan ere.

Bizkaiko Foru Aldundi berria, Bilboko Kontserbatorioa bultzatzeko asmoz, azpiegitura berriak baliatu eta ekipamendu zein a zerbitzuetan berrikuntzak egiteaz arduratu zen. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Araubide Bereziko Irakaskuntzen zuzendaria zen Guzman Aranaga Jaunak ekimen honetan zuen konfiantza eta laguntzari esker gure eskola errealitate bihurtu zen.

Kontserbatorioaren barruan arku-instrumentuak egiteko espezialitatea ezartzea une gogoangarria da. Hasierako urteetan, Jesusek ematen zituen espezialitateko irakasgai guztiak, benetako erronka zena, eta bertan prestatutako irakasle batzuen laguntzarekin geroago sendotuz joan zen.

Urte asko igaro dira egun horietatik hona. Heziketa nahiz teknologia alorrean hartutako esperientziarekin, orain proiektu hau berritzeko eta ikasketa planarekin curriculum egokitu bat eskaintzeko asmoa dugu. Gure helburua lutheria arloan gaur egungo testuingururako profesional egokituak prestatzea baita.